Altamirako kobazuloa 1985ean sartu zen Munduko Ondarearen Zerrendan, errealizazio artistiko paregabea izateagatik eta Europa hegoaldeko Paleolitoko giza taldeen lekukotza aparta emateagatik. 2008an, adierazpen hori zabaldu egin zen, Kantaurialdeko labar-arte paleolitikoa duten beste 14 leku sartzeko: Tito Bustillo, la Peña de Candamo, Llonín eta El Pindal, Asturiasen; Chufín, Hornos de la Peña, El Castillo, La Pasiega, Las Monedas, El Pendo, La Garma eta Covalanas, Kantabrian; Ekain eta Santimamiñe, Euskal Herrian. Hala, azpimarratu da Altamirako kobazuloa ez dela kasu isolatu bat, baizik eta giza talde horiek lurralde jakin batean duten zereginaren beste adibide bat.
Apaindutako haitzuloen kopuruagatik eta dentsitateagatik –zeinak kontserbazio-egoera bikainean mantentzen diren-, haitzuloetan dagoen errepertorio ikonografiko aberatsagatik, dokumentatuko teknika eta estiloen aniztasunagatik, hemen garatutako ziklo artistikoaren antzinakotasunagatik eta bere milaka urteko iraupenagatik, Kantauriko erlaitza historia unibertsalaren esparruko giza sormenaren funtsezko gune bihurtzen da: hau da Artea sortu zen lekuetako bat.
Kantauri itsasoko ertza mendilerroak itxitako lur-zerrenda estu bat da -400 km luze eta 40 km zabal da-, eta bere izeneko itsasora iparraldera ematen du. Baldintza ozeanikoen eraginpean, klimaren epeltasunagatik, leku ezin hobea izan da giza okupaziorako, bereziki azken glaziazioko aldi hotzenetan. Gainera, bere litologiak, zati handi batean kareharrizko arrokez osatuta dagoenez, eskualdeko lehen biztanleek biziki aprobetxatu zituzten barrunbe ugariren eraketa eragin du.
Paleolitoko labar-artea gizateriaren historiako kultura-adierazpen garrantzitsuenetako bat da. Bere ezaugarri estetikoez gain, ikuspuntu historikotik, fenomeno honen garrantzia giza eboluzioaren funtsezko etapa baten adierazgarri izatetik eratortzen da: Homo Sapiensaren agerpena. Forma kultural berri honen sorrerak, gainera, inplikazio material sakonak ditu: lan teknika berritzaileen asmakuntza eta jada ezagunak diren beste batzuen aplikazio espezifikoa, pintura, grabatu eta eskulturaren arteen lehen garapena eraginez. Beraz, lehen mailako ondasun kultural baten aurrean gaude; giza sormenaren benetako maisulana, bere kalitate artistiko handiari zibilizazioaren historiaren aparteko lekukotza izaera batzen diona, giza espeziearen lehen adierazpen artistikoa baita. Beraz, balio eta esanahi unibertsalak ditu, kulturaren eta gizartearen bilakaerari estuki lotuak.
Goi Paleolitoko giza taldeek, Kantaurialdeko kobazuloetako horma eta sabaietan irudikapen ugari gauzatu zituzten, euren edukia bi talde tematiko handiren inguruan artikulatzen delarik: animalistikoa (gizakia barne) eta zeinu deiturikoak. Errepertorio figuratiboa, askotarikoa izan arren, ez da inolaz ere zabala. Piztiarioa, funtsean, espezie jakin batzuetara mugatzen da (bisontea, zaldia, oreina, ahuntza eta uroa), eta badirudi arte honen garapenaren une batean finkatuta geratzen dela, luzaroan bizirauten duelarik. Zeinuen katalogoa, bestalde, eskualdearen eta kronologiaren arabera aldatzen da asko.