Ud está aquí:
  1. Kantauri Itsasoko labar-artea
  2. Kobazuloak
  3. Altxerriko kobazuloa

Altxerriko kobazuloa

Ondasunaren identifikazioa

Subir

Aia, Gipuzkoa, Euskal Autonomia Erkidegoa

Koordenatu geografikoak

UTM 30T 570319E / 4791198N – Z: 20

Deskribapena

Subir

Deskribapen topografikoa

Altxerriko kobazuloa Beobategaña mendiaren ekialdeko hegaleko kareharrietan irekitzen da, Orioko herrigunetik 2 km eskasera eta kostaldeko lerrotik 2,5 km ingurura. Haitzulo handi bat da; bi kilometro baino gehiagoko luzera du bi galeria mailatan, eta barruko leize batzuk ditu.

Aurkikuntzaren data

1969an aurkitu zuten Antxieta Kultur Taldeko Kideek. Hauek lehendabizikoz laginak atera zituzten, eta kobazuloa esploratu zuten, galeria estaltzen zuen luizi bat kendu ondoren. Berehala, kobazuloa itxi zuten.

Ikerketa arkeologikoa

Altxerriko kobazuloa eta haren labar-santutegia bi fasetan aurkitu ziren. 1956an Altxerri baserriaren aurretik pasatzen den errepidea egiten hasi ziren, eta horretarako baserriaren atzean behin-behineko harrobi bat jarri zuten. Leherketetako batek metro bateko zabalera eta 80 zentimetroko altuera zuen zulo bat ireki zuen. Zulo hark galeria luze eta zabal batera ematen zuen, eta, hasiera batean, tokiko interesa baino ez zuen piztu. Sei urte geroago, Donostiako Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek aurkikuntzaren berri izan zutenean, hura miatzeari ekin zioten. Horrela, 1962ko urriaren 28an, F. Aranzadi, J. Migliaccio eta J. C. Vicuña donostiar gazteak espeleologia materialarekin haitzuloko leizeak arakatzera joan ziren, kobazuloko lehen panel apainduak aurkituz.

Donostiako Aranzadi Zientzia Elkarteko Espeleologia Sailak J. M. Barandiarani eman zion aurkikuntzaren berri, Aranzadi Zientzia Elkarteko Historiaurre Saileko zuzendariari. Barandiaranek aurkikuntzaren benetakotasuna ziurtatu zuen eta barrunbearen azterketa sistematikoa egin zuen, irudikapenen corpusa handituz 1964ko bere argitalpenean ezagutzera eman zituen arte. Ondoren, multzo hau beste historiaurrelari batzuek berrikusi dute, I. Barandiaranek kasu. Azken urteotan, A. Ruiz-Redondok berrazterketa orokor bat egin du, eta Altxerri B Aurignac aldian sartu du.

Altxerriko kobazuloa Pulse para ampliar
Altxerriko kobazuloa Pulse para ampliar

Eduki artistikoak: pinturak, grabatuak

Labar-multzoak “santutegi sakon” izenekoen ereduari erantzuten dio, eta sarreratik 100 metro ingurura garatzen da ardatz edo galeria nagusian, bi dibertikulu axialekin. 140 bat irudikapen ditu animalien irudien edo zeinuen artean, gehienak grabatuak. Irudiak paneletan antolatuta daude, eta amaieran frisoetan, hormak osatzen dituzten kareharrizko geruzen azalera luzatuak aprobetxatuz.

Grabatuei dagokionez, konplexutasun eta aniztasun handia dute, eta teknika eta estilo desberdinak dokumentatzen dira: inguru-lerroko grabatutik hasi (xehetasun anatomiko gutxi batzuekin) eta inguru-erreferentzia guztiak eta xehetasun anatomiko espezifikoak ezabatzen dituzten marra konplexuen bidez irudia osatzen duten grabatuetaraino. Bigarren teknika labar-multzo honen ekarpenik bereizgarriena da. Pinturari dagokionez, grabatuari lotuta ageri da gehienetan. Inguru-lerro monokromoak dira, eta, kasu batzuetan, barnealderako tinta lauak.

Animalien irudikapenak oso espezie ezberdinetakoak dira, batzuk oso arraroak, azkonar jatuna edo saiga antilopea, sugea edo erbia kasu. Irudikapen antropomorfikoren bat ere badago.

Santutegiaren kronologiari dagokionez, estilo-koherentzia dela eta, beste aztarnategi batzuetako arte higigarriarekiko paralelismoen arabera eta klima-fase bereziki hotzetako berezko faunaren presentziagatik, kronologia berantiarra proposatu da Goi Madeleine aldiaren barruan.

Irudiak multzo hauetan sailkatu dira:

I. multzoa lehen dibertikulu axialean garatzen da eta bertan azkonar jatun baten, saiga-protomo baten, elur-oreinaren eta azeriaren elkarketaren, txori baten, bi arrainen eta antropomorfo baten irudikapenak nabarmentzen dira.

II. multzoa: Galeria nagusian dago, dibertikulutik 12 metrora. Bi paneletan banatzen da, biek friso estu forma hartuz, eta bisonte, ahuntz eta uro irudiak biltzen dituzte.

Aurreko hormaren paramentu bertikalean III. multzoa dago: bisonte bat marradura bereziarekin eta aurreko hankak falta zaizkion silueta margotuarekin.

Handik 4 metrora eta beste aldeko horman IV. multzoa dago. Hauek osatzen dute: beltzean margotutako alderantzizko eta kontrako bi bisontek, gorputz barruan tinta lauak eta gainjarritako marradura dituztenek, interpretazio zaileko zeinuei lotuak, eta margotutako eta grabatutako beste bisonte batzuek eta orein ar protomo batek.

III. multzoko horman bertan, 4 bat metrora, V. multzoa dago, hiru azpimultzotan banatuta. Bigarrena, kobazuloko multzoko frisorik ikusgarriena da: irudikatzen dira ahuntz bat uroarekin aurrez aurre (bi irudiak inguru beltzean margotuta daude eremu marratuaren gainean), sarrio eta bisonte bikote bat, eta bi bisontek eta zaldi protomo batek osatutako beste bat frisoaren behealdean.

VI. multzoa aurrekoaren parean kokatzen da, bisonteen, elur-oreinen eta suge baten irudikapenak dituen panel zabal bat osatuz.

VI. multzoaren ekialdean, VII. taldea dagoen leizea dago, orein ar, bobido, bisonte eta zaldi irudiekin, sabai eta hormetan zehar banatuta.

Gutxiago ikertuak daude goiko galeriaren margoak, Altxerri B, gaur egun iristea zaila da eta. Toki honetan 15 unitate grafiko deskribatu dira pintura gorriko orban handi batean: bisonte handi bat, felido bat eta hartz bat, besteak beste. Altxerri B-ko talde hau galeria nagusikoak baino kronologia zaharragora eraman da. Azterketa estilistikoa egiteak eta zeharkako datazio erradiokarbonikoak egiteak Aurignac aldiko kronologiara eramaten dute Altxerri B.

Bibliografia

Subir

APELLANIZ, J.M. 1982. El Arte Prehistórico del País Vasco y sus vecinos. Bilbao: DDB.

ALTUNA, J. 1972. Fauna de Mamíferos de los yacimientos prehistóricos de Guipúzcoa (Munibe 24). San Sebastián: Sociedad de Ciencias Aranzadi.

ALTUNA, J. 1975. Lehen Euskal Herria. Guía Ilustrada de Prehistoria Vasca. Bilbao: Ed. Mensajero.

ALTUNA, J., APELLANIZ, J.M. 1976. Las figuras rupestres paleolíticas de la cueva de Altxerri. (Munibe 28). San Sebastián: Sociedad de Ciencias Aranzadi.

ALTUNA, J., ARMENDARIZ, A., ETXEBERRIA, F., MARIEZKURRENA, K., PEÑALVER, X., ZUMALABE, F. 1990. Gipuzkoa. Carta Arqueológica. II. Cuevas. San Sebastián: Sociedad de Ciencias Aranzadi.

BARANDIARAN, I. 1970. Nuevo reno grabado en la cueva de Altxerri (Guipúzcoa). Actas del XI Congreso Nacional de Arqueología: 199-202. Zaragoza: Secretaria de los CNA.

BARANDIARAN, J.M. DE 1964. La cueva de Altxerri y sus figuras rupestres. Munibe 16: 91-141.

BELTRÁN, A. 1964 Avance al estudio de la cronología del arte parietal de la cueva de Altxerri. IV Symposium de Prehistoria Peninsular: 81-92. Pamplona.

BELTRÁN, A. 1968. Notas sobre las técnicas de los grabados de las cuevas de Los Casares y de Altxerri. Simposio Internacional de Arte Rupestre: 21-24. Barcelona.

FERNÁNDEZ G. DE DIEGO, F. 1964 Una pintura paleolítica, gigantesca, de bisonte en la cueva de Altxerri (Guipúzcoa). IV Symposium de Prehistoria Peninsular: 93-98. Pamplona.

GONZÁLEZ-SAINZ, C., RUIZ-REDONDO, A., GARATE, D., IRIARTE, E. 2013. Not only Chauvet: Dating Aurignacian rock art in Altxerri B Cave (northern Spain). Journal of Human Evolution, 65: 457-464.

RAT, P., DELINGETTE, A. 1964. Premières données géologiques sur la grotte ornée d'Altxerri (Aya, Guipúzcoa). Munibe 16: 83-89.

RUIZ-REDONDO, A. 2014. Entre el Cantábrico y los Pirineos: El conjunto de Altxerri en el contexto de la actividad gráfica magdaleniense. Ed. Nadir.

VV.AA. 2012: Altxerri. San Sebastián: Aranzadi Zientzia Elkartea.

Subir