Ud está aquí:
  1. Kantauri Itsasoko labar-artea
  2. Kobazuloak
  3. La Pasiega kobazuloa

La Pasiega kobazuloa

La Pasiega kobazuloaren sarrera

Ondasunaren identifikazioa

Subir

Castillo mendia, Puente Viesgo, Kantabria

Sarbidea

Puente Viesgo herriaren erdigunetik (N-623 errepidean), herriko aparkaleku nagusiaren ondoan, Castillo mendira igotzen den errepidea hartzen da, aparkaleku-eremu batean amaitzen dena, eta handik oinez iristen da interpretazio eta bisitariak hartzeko zentrora.

Koordenatu geografikoak

UTM 30T 421890E / 4793675N – Z: 190

Deskribapena

Subir
La Pasiega kobazuloa Pulse para ampliar

Deskribapen topografikoa

Castillo mendia, non kobazuloa zabaltzen den, forma konikoko kareharrizko muino bat da, Cabuérnigako Ezkutuko mendilerroaren, kostaldeko lautada eta Kantabriako mendebaldeko barnealdeko haranak banatzen dituen eraketaren, ekialdeko mendi-adarra. Pas ibaiaren ezkerraldearen gainean dago, eta ibai-ibar zabal bat menderatzen du “Pas Behearen” hasieran, bai eta haran horretatik Besaya ibaiaren arrorako igarobide natural bat ere.

La Pasiega kobazuloak topografia konplexua du, orientazio ezberdineko gela eta korridorre sistema batez osatua, batzuetan maila ezberdinetan. Sistema karstiko honen artikulazioa are zailagoa izan da, joan den mendeko 50eko eta 60ko hamarkadetan barrunbean egindako jarduketengatik, bisita publikorako egokitzeari begira (pasarte batzuk ixtea, barruko hormak eraikitzea, behin eta berriro sarrerak egitea). Hegoaldera begira dauden zenbait sarrera ditu, eta horietatik gutxienez hiru (B, C eta D galerietara sarbidea ematen dutenak) Goi Paleolitoan erabili ahal izan ziren. Lehen Sektorea, 200 metroko ibilbidea duena, A eta B galeriek osatzen dute, angeluan elkartzen direnak. Galeria hauetara sartzen den ahotik mendebaldera, 30 bat metrora, aztarnategiko aurkitzaileak sartu ziren “antzinako sarrera” dago. 20 metro aurrerago mendebaldeko ahoa irekitzen da C galeriara daramana. Barrunbearen erdiko zatia D gunea izenekoa da, eta aipatutako edozein sarreratik du sarbidea.

Aurkikuntzaren data

Aztarnategia 1911n aurkitu zuten H. Obermaierrek, P. Wernertek eta H. Alcalde del Ríok, ondoko El Castilloko kobazuloa induskatzen ari ziren bitartean.

Ikerketa arkeologikoa

Aztarnategi arkeologikoa H. Obermaierrek, P. Wernertek eta H. Alcalde del Ríok esploratu zuten 1911 eta 1913 bitartean. Adierazpen artistikoen lehen azterketan H. Breuilek ere parte hartu zuen. 1951 eta 1952an J. Carballok eta J. González Echegarayk induskatu zuten aztarnategi arkeologikoa, bisita turistikorako barrunbea egokitzeko lanak egiten ari zirenean. Ez da zehatz ezagutzen dokumentatuko sekuentzia estratigrafikoa, Goi Paleolitokoa dela esan daitekeen arren. Lehen esplorazioak “antzinako” sarreran oinarritu ziren. 1951 eta 1952ko indusketak B eta C galerietan egin ziren, lehen labar-irudien oinean ia, eta Solutre aldiko industriak dokumentatu zituzten. Ordutik aurrera, gainera, labar-artearen irudikapen berriak aurkitu ziren, A. Leroi-Gourhanek 60ko hamarkadan egindako berrikuspenera arte. 1983tik aurrera, bere labar-artea C. González Sainzek eta R. de Balbín Behrmannek aztertu dute.

Eduki artistikoen deskribapena: pinturak, grabatuak

Kobazuloak arte-irudikapen ugari ditu (700 irudi, zeinu eta kolore-trazu edo –orban baino gehiago), eta galeria guztietan daude banatuta.

A galeriaren azken hogei metroetan, eta amaierako bihurgune estu batean, multzorik trinkoena eta hobekien kontserbatuta dagoena biltzen da, Kantaurialdeko labar artearen gune garrantzitsuenetako bat. Oreinen, zaldien, bobido handien, elur-oreinen eta ahuntzen irudiak, edo hemen aurkitzen diren lauki formako eta arku konopialeko zeinu ugariak, gorriz, eta, gutxitan, beltzez, margotuak izan ziren. Solutre aldiko kronologian kokatzen dira (Leroi-Gourhanen III. estiloa).

B galeria handiagoa da, eta, aldi berean, konpartimentatuagoa dago: sektore isolatuagoak eta berezituagoak ditu irudikatutako gaietan eta erabilitako tekniketan. Ia irudi guztien estiloa, dena den, Leroi-Gourhanen IV. estiloko karaktereekin bat dator, Madeleine aldiko kronologiarekin. Jatorrizko sarreraren ondoan, gorriz margotutako uro eta bisonte multzo bat, zaldiak eta irlandar orein bat daude, baita grabatu batzuk ere. Inguruan, eta kasu batzuetan pinturei gainjarrita, tamaina txikiagoko animalien grabatu ugari daude, eta barru aldera, berriz, zeinu klabiformeen hainbat talde eta “inskripzio sinbolikoa” izeneko multzoa. Galeriako korridore eta bazterreko geletan animalia multzo grabatu batzuk eta pintura gutxi batzuk daude: A eta D galerietara doan korridorean, berriz, animalia eta zeinu isolatu batzuk egin ziren, askotariko teknikekin.

C galeriaren aurreko aldea, jatorrizko sarreretako baten ondo-ondoan dagoenak, estilo eta teknika ezberdineko irudikapenak ditu, sarritan bata bestearen gainean eginak. Gorriz, horiz eta bioletaz margotutako III. estiloko animalia eta zeinuez gain, grabatutako eta beltzez margotutako (edo bikromoz kasuren batean), animalia sorta zabala dokumentatu da, eta zeinu klabiformeak gorriz, jada IV. estilokoak. Gela honen atzealdean multzo koherenteena dago, beltzez margotutako edo grabatutako zaldi, bisonte eta ahuntzekin, Madeleine aldiko estilokoak.

Irudikapenak urriagoak dira D gunean, non zenbait sektore nabarmentzen diren, estilo arkaikoko animalia margotuak edo grabatuak, lauki formako zeinu multzo bat eta Madeleine aldiko estiloko grabatutako zerbido talde bat dituztenak.

Inbentariorik eguneratuenak (C. González Sainzek eta R. de Balbín Behrmannek egindako azterlanen emaitza) Paleolitoko labar-artearen 800 ebidentzia baino gehiago ditu, eta horietatik 301 animalia-irudiak dira. Zeinu abstraktuen ugaritasuna nabarmentzen da (148raino, batez ere lauki formakoak, arku konopialekoak, eta klabiformeak), baita puntu-serieak ere. Gainera, kolorazio gorriko formarik gabeko orban ugari dokumentatu da, baita grabatu edo pintatutako lerro ez-figuratiboen serieak ere, konplexu karstikoan oso modu irregularrean banatuta. Animalien irudikapenen artean zaldiak eta orein emeak dira nagusi, eta, ondoren, ahuntzak, orein arrak, bisonteak eta uroak. Gainera, 3 irudikapen antropomorfiko daude, 3 elur-orein eta irlandar-orein, haragijale, hegazti eta arrain irudi bana, identifikatu ezin izan diren 42 koadrupedorekin batera.

La Pasiega kobazuloa Pulse para ampliar
La Pasiega kobazuloa Pulse para ampliar

Bibliografia

Subir

BALBÍN BEHRMANN, R. DE, GONZÁLEZ SAINZ, C. 1992. La Pasiega. Monte de El Castillo, Puente Viesgo, Cantabria. En VV. AA., El nacimiento del arte en Europa (Catálogo de la exposición organizada por la Unión Latina): 239-241. París: Unión Latina.

BREUIL, H., OBERMAIER, H., ALCALDE DEL RÍO, H. 1913. La Pasiega à Puente-Viesgo (Santander) (Espagne). Monaco: Institut de Paléontologie Humaine. Imp. Veuve A. Chêne.

GONZÁLEZ SAINZ, C., BALBÍN BEHRMANN, R. DE 2000. Revisión de las representaciones rupestres paleolíticas de la cueva de La Pasiega en el conjunto del monte Castillo. Topografía y documentación artística. En R. Ontañón Peredo (coord.): Actuaciones Arqueológicas en Cantabria 1984-1999: 69-73. Santander: Consejería de Cultura y Deporte del Gobierno de Cantabria.

LEROI-GOURHAN, A. 1965 (2ª ed. 1971). Préhistoire de l'Art Occidental. Paris: L. Mazenod.

ONTAÑÓN PEREDO, R. 2018. 10 Cuevas Patrimonio Mundial en Cantabria. Santander: Consejería de Educación, Cultura y Deporte - Gobierno de Cantabria / Asociación de Amigos del MUPAC.

Subir